Euskara ebaluatuko dute amaierako azterketetan | Euskal Herria | Berria.info
Bileraren ostean atzera egin du Espainiako Gobernuak, eta ebaluazioan
sartu ditu hizkuntza koofizialak. Euskarak eta gaztelaniak "oreka" izan
beharko dute eskoletan. Estatuak erabateko kontrola izango du
"enborreko" ikasgaietan —Historian, kasu—. Abenduaren 19an berriro
batuko dira Wert eta hezkuntza kontseilariak.
Hezkuntza erreformari beste estutu bat eman dio Jose Ignacio Wert
Espainiako Hezkuntza ministroak: gaztelania ez den beste hizkuntza
batean murgiltze eredua ezartzea debekatu egin du. Euskarak pisu handia
galduko du hezkuntzan, Madrilen oraingo proposamenarekin: hizkuntzetan,
laugarren izango litzateke, gaztelaniaren eta atzerriko bi hizkuntzaren
atzetik. Gaztelaniak eta euskarak “pisu orekatua” izan beharko dute;
hala ez dela uste badute, gurasoek eskola pribatuetara bidali ahalko
dituzte umeak, eta gero administrazioari pasatu gastuak.
Gaur arratsaldean egin dute bilera Wert ministroak eta hezkuntza
kontseilariek. Hego Euskal Herritik, han dira Eusko Jaurlaritzako
Hezkuntza sailburuorde bat eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza
kontseilaria. Adostasunik ez dute lortu, eta abenduaren 19rako jarri
dute hurrengo hitzordua. Azkena izango dela iragarri du Wertek.
Ordurako, Jaurlaritza berria izendatuta egongo da, eta, beraz, EAJren
sailburuak joan beharko du bilerara.
Hona Wertek proposatu dituen aldaketa nagusiak:
1. Hizkuntzak. Gaztelaniaz ikasi ahal izatea “bermatu” egingo du PPk.
Murgiltze eredurik ezingo da egin, “oreka” izan beharko baitute
gaztelaniak eta euskarak. Zirrikitu bat bada euskarari lehentasuna
emateko, baina erabat mugatua: “Tratu berezia eman ahalko zaio hizkuntza
koofizialari, baina horrekin ezingo da, inolaz ere, gaztelania
diskriminatu”. Ez dute zehaztu “diskriminatzea” zer den, ez “oreka” zeri
esango dioten, ez nork erabakiko duen hori. Bidea jarri dute umeak
eskola pribatuetara bidaltzeko, gaztelaniaz ikas dezaten; gurasoek ez
badute sare publikoan edo itunpekoan ikusten bermatuta dagoela aukera
hori, eskola pribatuetara jo ahalko dute, eta gastuak administrazioari
pasatu.
2. Estatuaren kontrola. Hasierako asmoetatik beste urrats bat egin du
aurrera Wertek, eta ikasgai batzuen curriculuma erabat kontrolatuko du
estatuak. Gaur egun, honakoa da banaketa: Jaurlaritzak eta Nafarroako
Gobernuak edukiaren %45 ezartzen dute, eta Espainiak, %55. Wertek orain
hurrena proposatu zuen Hegoaldean %35 izatea eta Madrilen %65. Orain
harago jo du. “Enborreko” ikasgaietan Espainiak izango du zeresana.
Honakoak dira: Gaztelania, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Gizarte
Zientziak, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia eta
Historia, eta Latina. Erkidegoen eta ikastetxeen esku beste ikasgai
batzuk geratuko dira; Erlijioa, Plastika, Filosofia eta Gorputz
Heziketa, esaterako.
Amaierako azterketak izango dira DBH eta Batxilergoa amaitzean.
“Enborreko” ikasgaiak sartuko dira horietan —estatuak zehaztuko
dituenak—, eta “espezifiko” bat. Euskara horiek baino atzerago dago;
"espezialitatekoa" izango da. Wert ministroak bileran atzera egin du,
eta azkenean Euskara ere ebaluatuko dute azken azterketan. Madrilgo
gobernuak izango du proba horiek zehazteko ardura.
3. Erlijioa. Elizaren aldarriari jaramon egin dio PPren gobernuak, eta
arautu egin du Erlijioa ikasgaia nahi ez dutenek beste ikasgai bat eman
beharko dutela: Balio Kultural eta Sozialak izeneko ikasgaia izango dute
Lehen Hezkuntzan, eta Balio Etikoak, Bigarren Hezkuntzan. Erlijio
ikasgaiko kalifikazioek ez dute balioko batez bestekoak egiteko, baina
erabakigarri izango dira ikasturtea gainditu edo ez erabakitzerakoan.
Herritartasunerako Hezkuntza eta haren ostean Wertek berak proposatutako
Heziketa Zibiko eta Konstituzionala desagertu egingo dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario